Hausnarketa pertsonala





Lauhilabete honen helburua, aniztasunaren kontzeptuan murgiltzea zen. Hortaz, tailer eta hitzaldi askotan hartu dugu parte. Hauek oso lagungarriak egin zaizkit nik hasiera baten nuen ideia erabat eraldatzeko, esaterako, aniztasuna artearekin lotzen ikasi baitut Tabakaleran izan genuen lehen tailerrari esker. Tailerrak, L’intrus zuen izena eta bertan arrotz sentitzearen ideia azaldu zitzaidan errefuxiatu askok senti dezaketen moduan haien lurraldeetatik ihes doazela. Gainera, pertsonek arrotzarekiko duten beldurraz jabetu nintzen, gehienetan albiste eta politikari askorengandik eraginda. Hala ere, denok ezberdinak izan arren, berdinak garela ohartu ginen, denok dugu taupadak egiten dituen bihotz bat. Tailerrean nintzela, irakasle ohi batek esan zidanaz gogoratu nintzen: “pertsonok ez dugu arrazarik, denak hiltzen garenean eta denbora luze bat pasatzean, hezurdura berdina dugula ikus dezakegu. Aitzitik, txakurrek adibidez, denek hezurdura ezberdina dute. Horrek zer pentsarazi egin zidan.



Bestalde, non eta zerekin jaiotzearen ondorioetan pentsatu nuen, esaterako bulba eta Libian jaiotzeko zoria izaten baduzu, aukera asko duzu gizonengandik bortxatua izateko gerra dagoen herrialde batean. Calcuta Ondoanen tailerra izan genuenean ere, emakume edo gizon jaiotzearen ondorioetaz eta estereotipoetaz hitz egin genuen. Harrigarria egin zitzaidan, nahiz eta gure burua feministatzat eduki, orokorrean gure kurtsoko gizonek izan zutela presentzia handiagoa tailerrean. Hau da, gure kurtsoko gehiengoa emakumeak izan arren (eta horrek noski eragina du graduarekin)  gizonak izan ziren presentzia handiagoa izan zutenak. Honen aurrean, kritikoak izan behar garela pentsatzen dut, gizonezkoek hain bereganatzaileak ez izatea eta emakumeok edozein lekutan izan dezakegun presentzia erakutsi eta borrokatzea.



Unrwa Euskadikoak etorri zirenean, Palestinako biztanleria errefuxiatuak jasaten duen egoerari buruzko aurreiritzi kulturalak eta genero aurreiritziak apurtzeko, gizartea eraldatzeko metodologia artistikoak lantzeko jardunaldiak antolatu zituzten.  Bi egunetan banatu zuten tailerra, lehenengo egunekoan arte ezberdinetako kontzeptu teoriko-praktikoak eta esperientziak azaldu zituzten; eta bigarren egunean, tailer praktikoak izan ziren, giza eskubideetan oinarritutako genero ikuspegia azpimarratuz. Niri ipuin kontalaritza tailerra egokitu zitzaidan, beste batzuei antzerkia eta komikiarena, eta tailer guztien ardatz pertsona errefuxiatuen errealitatea modu kritiko eta eraldatzaile batean islatzea zen.



Unrwakoek hezkuntzaren helburu nagusienetako bat argi eta garbi utzi zuten, gizarte kritiko bat sortzea dena, ez baita ezagutzetara mugatu behar. Honen aurrean, boteretsu askok obediente nahi gaituztela pentsatzen dut, errazagoa baitzaie obeditzen duen herri bat gidatzea, jendarte aktibo bat jasatea baino. Horregatik, eskolatik kontzeptu asko landu behar dira, eta kulturartekotasuna horietako bat da.



Hitzaldiaren amaieran, palestinar aita duen emakume baten kontaketek asko hunkitu ninduten. Bere esperientziak kontatu zizkigun eta haiekin batera bideo batzuk ikusi genituen. Kolonialismoaren garaipenak genozidio bat ahalbidetu du. Palestinar askoren herrialdea jada ez da existitzen, eta ikusezin egin nahi dena ikusgai egiteko borroka egitera bultzatu gintuen. Izan ere, Palestinak Israelgandik jasaten ari den okupazio eta genozidio hau zilegi egiten ari gara, ikusi besterik ez dago Israelek Eurovision programan duen presentziak edota herrialde boteretsuek Jerusalen Israelgo hiriburu bezala aitortzen dutela. Palestinako gizartea, beldurraren gizarte bilakatzen ari da eta emakume honen hitzek begiak ireki zizkidaten.



Tailer eta hitzaldiekin jarraituz, Maiteder etorri zitzaigun, Pausoka Elkarteko lehendakaria, eta elkartearen funtzioaz hitz egin zigun. Bertan, garun paralisia duten haurrak daude, haietako bat Aimar da, Maitederren semea. Bere bizipenei eta esperientziari buruz aritu zen. Elkartearen helburua haur hauen baldintza, eskubide eta betebeharrak gainontzeko herritarrenak bezalakoa izatea da (lanari, formakuntzari, aisialdiari, kulturari eta osasungintzari dagokionez batik bat). Tamalez, elkarte hau haur hauen premiak betetzen ez zirelako sortu zen.



Maitederrek, beste guraso askok bezala, haien seme-alaben ongizatea bilatzen du, hauen inklusioa. Nahiz eta gizartea inklusiorako bide onean egon, oraindik asko dago egiteko, esaterako, parke gutxi daude haur hauentzako moldatuak, edota egunerokoan erabiltzen dugun hizkeran. Haur hauek ez daude gaixo, horrelakoak dira, emakumeak ongi esan zuen bezala, Aimarrek ez du eskua ahoan sartzen gaixo dagoelako, gustatzen zaiolako baizik. Eta zer esanik ez esan eta entzuten ditugun hitz itsusietaz: minusbaliatu, ezgaitasun edota ezindu; hitz hauekin esaten duguna pertsona hauek besteak baino gutxiago direla edo egin dezaketela da. Haur eta pertsona hauek denok bezala, gauza ezberdinetan izan daitezke paregabeak. Hortaz, kontu handia izan beharko genuke erabiltzen dugu hizkerarekin eta batez ere, etorkizun batean hezitzaile izan nahi badugu, ezin baitugu ahaztu behar haur askoren eredu izango garela.



Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egindako tailerrean, Euskal Herrian izandako tortura eta erailketa askori buruz egindako lana ikusi genuen. Bertan, alderdi ezberdinetako testigantzak entzun ahal izan genituen; baziren ETAk hildako senideen lekukotasunak, GALenak, polizien biktimenak, La triple Ak hildakoenak eta Graporenak. Senideekin eta lagun artean gai hauetaz hitz egin izan arren, lehen pertsonan kontatutako testigantzak zirraratu ninduen, eta hauekin lortu nahi zuten helburuak are gehiago. Gorrotoa alde batera utzita, etorkizun baketsu baten alde egiteko apustua egiten dute pertsona hauek. Pertsonalki, garrantzi handiko kontua dela iruditzen zait hauetaz hitz egitea, etorkizun hobe bat eraikitzeko beharrezko baita iraganetik ikastea.



    Azken hitzaldia, Naizen erakundearena izan zen. Bertan, transexualitateari buruzko informazio eta bizipenak entzun ahal izan genituen Aingeru Mayor eta Luarri esker. Sentimendu askorekin egin nuen topo, hasteko oraindik ere eskoletan haurrei generoa irakasten zaien moduak amorrua ematen dit. Neskak aluarekin eta mutilak zakilarekin lotzeak ondorio latzak ekar diezazkioke gizarteak ezarritako arau horren aurrean horrela sentitzen ez den edonori. Horregatik, sexu-identitatea genitalekin lotu beharrean, prozesu mentalarekin lotu beharko genuke. Oso garrantzitsua iruditzen zait pertsona orori entzutea, bera den moduan onartzea eta maitatzea. Hau ez bada horrela egiten, hau da, haien identitatea ukatzen bada, ondorio latzak izan ditzakete: haurtzaroan beren identitatea ukatu zaien helduen suizidio saiakera-tasa %41ekoa da. Hau onartezina da eta Naizen bezalako elkarte baten presentziak lasaitu eta pozten nau, haur transexual hauek bizi eta izan daitezen ahalbidetzen duelako eta besteoi behar dugun informazioa ematen digutelako: hortaz, elkartearen lana goraipatu nahiko nuke hezkuntza komunitate, osasun arloko profesional eta inguru soziala eraldatu nahian dabiltzalako.



    Aitortu behar dut, hitzaldi eta tailer hauek asko lagundu didatela aniztasuna kontzeptua ulertzeko orduan. Aniztasun handiko gizarte batean bizi gara, beraz, inklusioa ezinbestekoa da bizikidetzan bizi ahal izateko. Gainera, gure esku dago ezberdinarekiko  errespetuzko jarrera bat izatea eta ezberdintasun hau traba bat bezala ikusi ordez, aniztasuna aberastasun iturri dela jabetzea, eta honi etekinik handiena ateratzea.




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

DECÁLOGO SOBRE EL USO DEL MÓVIL EN EL AULA

PAUSOKA, INKLUSIOAREN BIDEAN

Naizen